Afrocolectivx arrazakeriaren aurkako aldizkariarekin elkarlanean hasi gara. Lehenengo artikulua Manuela Vega Manzanares kolaboratzaileak idatzi du. Zutaz harro gaude, prima!
Haurra zarenean, ez dakizu besteek arrotz bezala ikusten zaituztela. Ez duzu zalantzan jartzen. Inor ez da jaiotzen arrazista izanda. Nire ustez, arrazializatutako pertsona guztiok igaro dugu une bat non kide batek eraso egiten digun, garena mespretxuz erabiliz. Hau da, ijito deitzea irain bat balitz bezala. Une horretan ulertzen duzu desberdina zarela. Denborarekin konturatzen zara haur horiek etxean esaten zitzaiena bakarrik errepikatzen zutela: ni nintzena ez zegoela ondo.
Orduan gauza gehiagoz konturatzen zara, hala nola irakasleek ikasle ijitoak bereizten dituztela, gela berean kontzentratzen garela, gainerakoetatik aldentzen garela. Gizarte arrazista bat sortzen duten eguneroko bizitzako zertzelada txiki horiek identifikatzen ikasten duzu.
Errepikatu egiten den testuinguru historiko batean kokatzen da Ijito Herriaren aurkako arrazakeria, eta aitatik semera, amatik alabara igarotzen da. Ijito guztiak zeharkatzen gaitu, estereotipoa betetzen dugun ala ez alde batera utzita. Ezin bagaituzte ere, modu bat edo beste bilatuko dute gu desberdin ikusarazteko. Are gehiago, haientzat aparteko puntua da estereotipo hori betetzen ez badugu, esango digute: “Zu desberdina zara, ez zara gainerako ijitoak bezalakoa”, lore bat balitz bezala. Beren ustez, ijitoak diren hori ez bezalakoak bagara, arrazoia emango diegu eta kontzientzia arinduko diegu estereotipoan sartzen diren ijitoei gorroto-erasoak egiteko orduan.
Estereotipoen ondorioz, ez gara inoiz pertsona indibidual gisa ikusiak. Ijitoa naiz, naizenaren zati bat da. Baina ez dut hori bakarrik izan nahi. Arrazistek ez dute ulertu nahi ogia erosten, kirola egiten edo zinemara joaten garen pertsonak garela. Estereotipoek pertsonatzat hartzetik urruntzen gaitu, eta denok dakigu zein arriskutsua izan daitekeen etnia batek gizatasuna galtzea.