Guretzat ezinbestekoa da, batetik, borroka feminista ijitoa hainbat espaziotara eramatea, espazio ijitoak izan edo ez, eta, bestalde, eraldaketa sozialerako kanpainak eta ekintzak gauzatzea betiere ikuspegi feminista ijito batetik. Zeregin konplexua da, baina beharrezkoa ere bai, zenbait maila biltzen dituelako (komunitatea, auzoa, gizartea, instituzioak, etab.), eta gaur egun oraindik ere oso gutxi aditzen delako emakume ijitoen ahotsa euskal gizartean.

Horregatik guztiagatik, AMUGEk eragin eta aktibismo sozialeko espazio askotan parte hartzen du: mugimendu feministaren eta arrazakeriaren aurkako mugimenduaren koordinazio-asanbladetan, Emakundeko Azpiaholkularitza Batzordean —SUCOBI—, Ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako kontseiluan, (kontseilu horren barruan) emakume ijitoei, osasunari eta hezkuntzari dagozkion batzordeetan, Berdintasunaren aldeko Bilboko emakumeen kontseiluan (Bilboko Udala), Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluan (Foru Aldundia) eta BFAko Gizarte Kohesioko Zuzendaritzako zenbait batzordetan, besteak beste.

Era berean, AMUGEk eragin politikoko ekintzak egiten ditu, gizartea eraldatzeko hezkuntzaren eta komunitate-mailako sentsibilizazioaren bitartez, hainbat arlotan: justizia klimatikoa eta ingurumena, euskararen normalizazioa eta sustapena, eskola- bereizketaren salaketa, sexu- eta ugalketa-eskubideak, etab.

Gure elkarteak sare-lana ere egiten du Euskal Herriko beste ijito erakunde batzuekin, hala nola, Romi Bidean Elkartearekin (Donostiako Emakume Ijitoen Elkartea), Idazkaritza Ijitoaren Fundazioko emakumearen arloarekin eta Gipuzkoako AGIFUGI elkartearekin. Gainera, emakume arrazializatu eta migratuekin aliantzak bilatzen ditugu, bai ijitoekin (batez ere errumaniarrekin), bai ijitoak ez direnekin.

Eragin-lan horren osagarri gisa, AMUGEk modu aktiboan lan egiten du emakumeen eta ijitoen elkarte-mugimendua sustatzeko, bai gure erkidegoan, bai gizartean orokorrean, boluntariotzaren sustapenaren bidez. Emakume eta gazte ijitoei laguntzen zaie jabekuntza-prozesuetan, hartara herritar gisa parte har dezaten lehen aipatutako kanpaina eta eremu guztietan.

AMUGEn, bi alderdi uztartzen ditugu: eragin sozial eta politikoari dagokion lana eta komunitate- eta hezkuntza-mailako esku-hartzea. Horregatik, komunikazioa zutabe estrategikoa da gure diskurtso eta ekintzak zabaltzeko: hedabideetan, sareetan, kaleetan. Gainera, arlo horretan bermatzen ari gara kanpo-komunikazioa elebiduna izango dela: gaztelaniaz eta euskaraz.

Orain arteko hedabide-kanpainarik nabarmenena #JarraikaDitugu izan da. 2021ean, ikerketa bat egin genuen testing metodologiaren bidez, supermerkatu eta merkataritza-zentroetan emakume ijitoek egunerokoan jasaten duten jazarpena frogatzeko. Ekintza horrek oihartzun mediatiko handia izan zuen hainbat estrategiari esker: besteak beste, ezkutuko kameren bidez bereizkeria-egoerak grabatu ziren, eta kazetari eta influencer-ak lekuko moral gisa inplikatu genituen.

Gainera, 2022aren hasieran, bi emakume ijitoren kasuak jaso genituen: merkataritza-establezimenduetan kriminalizatu zituzten. Berriro ere, komunikazio-estrategia bat-diseinatu genuen: #UtziGuUmiliatzeari; estrategia horren bidez, jakinarazi genuen normaltasuna albiste bihurtuko genuela: informazio-gosari bat prestatu genuen, baita manifestazio bat antolatu ere; hala, euskal hedabideek, baita estatukoek ere, gure salaketaren berri eman zezaten lortu genuen.

Arlo honetako beste eduki garrantzitsu bat La kher de la Mari da: erromani kulturaz eta genero-antigitanismoaz sentsibilizatzeko reel batzuk dira. Kher hitzak etxea esan nahi du rromanó eta kalo hizkuntzetan. Mari Mar Clavería da atalaren gidaria: AMUGEko jabekuntza-taldeetako bitartekaria eta dinamizatzailea da.