Tamara Clavería eta June Fernándezen iritzi-artikulua. Deia, Rebelión eta Unión Romaní-n argitaratu zen.
Pasaden igandean, ekainak 18, bi gizon eta emakume bat atxilotu zituzten 63 urteko gizon bati jipoitzeagatik Laredoko (Kantabria) merkataritza-gune bateko aparkalekuan. Albistea zabaldu eta ordu gutxira, komunikabideek adierazi zuten erasotuak 13 urteko emakumearen alabari sexu-jazarpena egin ziola.
Hedabide batzuek aipatu zuten titularrean edo azpitituluan atxilotutako hiru pertsonak ijitoak zirela. Hala, kazetaritzan errotuta egon beharko litzatekeen adostasun deontologikoa urratu zuten: delituen inguruko albisteetan ez dela jatorri etnikoa edo arraza-jatorria aipatu behar. Beste hedabide batzuek, aldiz, formula disimulatuagoak baliatu dituzte, hala nola “klana” edo “liskarra”, Ijito Herriari erreferentzia egiteko erabiltzen diren hitzak, gure kultura kriminalitatearekin zuzenean lotzen dutenak. Izan ere, telebistako solasaldietan “vendetta” edo “kontu-garbitze” gisa aurkeztu dute gertaera, gure familiak mafiak balira bezala. Beste modu bat izan da aipatzea erasotzaileek “azoka txikietako postuetan jartzen diren burdinezko barrak” erabili dituztela.
Ez da berria prentsa sentsazionalistak eraso baten “basakeria” eta “intentsitate izugarria” deitoratzea, eta, aldi berean, indarkeria hori ikuskizun bihurtzea. Baina, gainera, albiste honi eman dioten oihartzunak baieztatzen digu hedabide batzuen interesa eta biraltasuna areagotu egiten direla ijitoon aurkako gorrotoa katalizatzeko balio duenean.
Etsipengarria da ikustea Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak (FAPE) kazetaritza-praktika sistematiko hori babesten duela, nahiz eta bere Kode Deontologikoak honako hau ezartzen duen: “Kazetariak arreta berezia jarriko du ahulenen eta diskriminatuenen eskubideak errespetatzeko. (…) Horregatik, ez du pertsona baten arraza, kolorea, erlijioa, jatorri soziala edo sexua mespretxuz edo aurreiritziekin aipatu behar”. 2018an, FAPEk ezetsi egin zuen Secretariado Gitano Fundazioak eskualdeko hedabide baten aurka jarritako salaketa, antigitanismoa elikatzen zuten gertakarien berri emateagatik: “Ijito terminoaren erabilera ez da inolaz ere mespretxuzkoa”, argudiatu zuen erakundeak.
Ez dute onartzen informazio-estaldura horiek minutu batean zapuzten dituztela urtez urte arrazakeriaren aurka egiten dugun lan guztia. Ijitook eskubide osoko herritar gisa aitortzetik urrun, “besteak” bezala aipatzen gaituzte, arazo sozialen eta gizalegearen aurkako jokabideen erantzuleak.
Gainera, susmagarria da, kasu askotan, hedabide horiek VOXi bozgorailua ematen dioten berberak izatea, armak edukitzea legeztatu nahi duen alderdi bat, zeinaren sexu-indarkeriarako errezeta bakarra esku gogorra baita. Hala, Manuel baba eskukada batez tiroz hil zuen gizona defendatzen duen sektore sozial bera adingabe baten ustezko jazarlearen alde jarri da Laredoren kasuan. Horrela funtzionatzen du supremazismo zuriak.
Alabaina, zoritxarrez, antigitanismoa ez da soilik eskuin muturraren ondarea. Ijitook egunero egiaztatzen dugu ia inork (arrazakeriari buruz barometroek diotena baino askoz jende gutxiagok) ez digula etxebizitza bat alokatu nahi, ez gaituela beren enpresan kontratatu nahi, ezta beren haurrak ikasle ijitoen kontzentrazioko eskoletan matrikulatu nahi ere. Mendebalde Urrunean biziko bagina bezala karikaturizatzen gaituzten albisteek zerikusi handia dute sorgin- gurpila horretan: ijito ez den gizarteak ez du Ijito Herriarekin bizi nahi, eta harekin bizi ez denez, prentsan eta sare sozialetan hedatzen den irudi estereotipatua jasotzen du.
Horregatik, komunikabideei, kazetari-elkarteei eta erakundeetako kabineteei hurrengo eskaeran egin nahi dizkikegu: gorroto-diskurtsoen kontra egin dezatela, uler dezatela nola elikatzen den Europako gutxiengo etniko ugarienaren deshumanizazioa, sarraski-saiakeretatik bizirik iraun duena (baita Espainian ere). Erantzukizunez balora dezatela ijitoak inplikatzen dituzten zeintzuk gertaera bihurtuko dituzuen albiste, eta protagonistak zuriak balira bezala informatu dezaten, (lexikorik eta aurreiritzi arrazistetan oinarritutako balio-judiziorik gabe). Azkenik, kalte hori guztia erreparatu dezatela, gure irudia duintzen duten edukiak ekoiztuz.
Halaber, bermeak eskatzen ditugu albisteen iruzkinetan gorrotoaren diskurtsoetarako tarterik egon ez dadin. Nazkatuta gaude botaka arrazista horiek guztiak irentsi beharraz hedabideek gure jardueren berri ematen duten bakoitzean, dela adierazpen bat, dela arte-erakusketa bat.
Erakundeek urteak daramatzate kazetarientzako gidak argitaratzen, tratu- berdintasunari eta ijito-komunitateari buruzkoak. Horietan gogorarazten da ijito- kulturaren balioek ez dituztela babesten indarkeriazko edo delituzko portaerak. Hain begi-bistakoa den zerbait behin eta berriz gogoratu behar izateak badu izen bat: indarkeria sinbolikoa.
Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko (AMUGE) Langileak.