Arlo horretatik ekimen integralak bultzatzen ditugu, ijitoei beren prestakuntza-prozesu osoan lagunduz eta ahalduntzea eta lidergoa bultzatuz, goi-mailako ikasketetarako sarbidea sustatuz, genero-estereotipoei aurre eginez, gazteek komunitate-proiektuetan parte har dezaten sustatuz, laguntza-sareak ezarriz, hezkuntza- eta lan-aholkularitza eskainiz, alfabetatze digitala hobetuz, ijitoen arteko topaketak antolatuz eta bereziki neska ijitoen nortasun kulturala eta ahalduntzea indartuz.

Duela bi hamarkada baino gehiagotik, AMUGEko hezkuntza-taldea Bizkaiko ikastetxeetan ari da lanean Chalar Dur (Aurrera egitea) proiektuaren bidez, ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzen eta kulturen arteko bizikidetza hobetzen laguntzeko helburuarekin.

Ildo beretik, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetan begirale-zerbitzua eskaintzen dugu: begirale horiek badute esperientziarik gizarte- zein hezkuntza-arloan eta gatazkak ikuspegi feminista eta kulturartekotik konpontzen; hala, indartze-, orientazio- eta laguntza programa bat gauzatzen dute: Bide laguna.

Bestalde, erreferentzia-talde bat dugu, ijito-pertsona helduak, zeinek ijitoen kulturaren balioak, jarrerak eta eredu pertsonalak eta kolektiboak helarazten dizkieten ikasleei. Haien ezagutzaren eta esperientziaren bidez, zubiak sortzen dituzte irakasleen, familien eta ikasleen artean, eta hori lagungarria gertatzen da eskola-arrakastarako eta ikasle ijitoek hezkuntza-sisteman jarrai dezaten.

2015etik aurrera, prestakuntzak eskaini ditugu ikastetxeetan, honako gai hauek buruz: hezkidetzako eta orientazio akademiko-profesionaleko prestakuntza ez-sexista, feminismo ijitoa, antigitanismoa eta ikasle ijitoen eskola-arrakasta bermatzeko gakoak; horren harira, genero-ikuspegi intersekzionala txertatzen dugu prestakuntzan, eta irakasleei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari zuzentzen dizkiegu.

Helduentzako hezkuntzari dagokionez, 2015etik, AMUGEk prestakuntza-programak jarri ditu martxan ijito helduekin (emakumezkoak zein gizonezkoak), eskola-graduatua lor dezaten.

Gaur egun, hezkuntza-baliabide bat daukagu, oinarrizko gaitasunetan trebatzeko ikuspegi feminista intersekzionalarekin, Eskola Graduaturik ez duten emakume ijitoei zuzendua. Helburu nagusia da taldeko kideek oinarrizko gaitasunak eskura ditzaten erraztea, ez bakarrik garapen pertsonalerako, baita etorkizunean beste prestakuntza edo lanbide prozesu batzuetan txertatzeko ere.

Azkenik, eta orobat da garrantzitsua, nabarmendu egin behar da EAEko hiru lurraldeetan 13 eta 18 urte bitarteko euskal gazte ijitoekin egiten ari garen lana. Horren helburua da ijitoen autonomia pertsonala sustatzea hainbat gaitan: berdintasuna, adimen emozionala, osasuna, enplegua, prestakuntza eta teknologia berriak; horietan guztietan ikuspegi feminista intersekzionala txertatzen da.