Hurrengo artikulua bidali dugu hedabideetara Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean. Euskaraz ere irakur dezakezu.
Ba al dakizu apirilaren 8an Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna dela? Eta badakizu zergatik? Googlen bilatuz gero, irakurriko duzu erromanion lehen mundu-kongresua Londresen antolatu zela 1971ko apirilaren 8an, eta hantxe adostu zirela gure bandera (ezagutzen duzu?) eta gure ereserkia, Gelem, gelem (entzun al duzu inoiz?).
Ez kezkatu aurreko galderei ezetz erantzun badiezu; gutariko askok ere sinbolo horiek orain dela gutxi ezagutu ditugu . Aitzakia hutsa dira, bereziki gogaitzen gaituen kontzeptu bat zalantzan jartzeko: integrazioa. Izan ere, zenbat aldiz entzun, esan edo pentsatu duzu ijitook ez garela integratzen? Non integratu behar gara zehazki? Jaio eta hazi garen herrialdean, gure arbasoen bizileku izan dena? Eta nork ebatziko du nahikoa integratu garen?
Puntuak emango digu integrazio-azterketan euskal abizenak izateak, alderdi abertzaleei botoa emateak edo Athleticeko jarraitzaileak izateak? Zeren eta, sorpresa!, gutariko askok baldintza horiek betetzen ditugu, baita euskaltzaleak izatea ere: ez ezazue ahaztu tinko borrokatu dugula gure umeek Otxarkoagan D ereduan ikasteko aukera izan dezaten.
Integrazioa inposaketa hutsa da; ondo azaltzen du Youssef Ouled, arrazakeriaren aurkako aktibistak, edota Sirin Adlbi Sibai idazle islamiarrak. Haien aburuz, integrazioaren helburua da arrazializatuko gorputzok onartzea Europa kolonizatzaile eta genozidaren aurrean dugun mendeko izaera.
David Martinen El pueblo gitano en Euskal Herria* saiakera irakurtzean konfirmatu dugu integrazioaren diskurtsoa Ijito Herriaren etorrera bezain zaharra dela. [en el siglo XV]Martinen hitzetan, XV. mendeko euskal jendartearen harrera oso aurkakoa izan zen, eta “prozesu asimilatzailearen bidez baino ez zen gozotu; alegia, Ijito Herriaren alteritatea diluitzera bideratuta zegoen integrazioaren bidez”.
Gure arbasoei bi aukera inposatu zizkieten Espainiako Koroak agindutako pragmatika antigitanoek (Errege Katolikoetatik hasita) eta Hego Euskal Herriko foru-legeek: penintsulatik kanporatuak izatea edo hizkuntzari eta ohiturei uko egitea. Pedro Yturbideren kasua aipatzen du Martinek: ijito izateagatik Gipuzkoatik kanporatzeko espedientea ireki zioten 1697an baina, korrejidoreak alegazioak entzun eta Irunen bizitzen jarraitzen utzi zion, “ijito nabarmena” ez zelako.
Hala, ongi etorriak ez ginen lurraldean sustraiak botatzea izan da gure erresistentzia. Gasteizko agintariek limosnak eskaintzen zizkieten udalerritik pasatzen ziren ijito erromesei, hirian ez egonkortzearen truke. Gure arbasoei lapurretak eta beste delituak leporatzea izan zen kanporatzeko edota lintxatzeko estrategia. Ez da zaila orduko praktikak XXI. mendean bizi ditugun egoerekin lotzea, hala nola, supermerkatu eta arropa dendetan kriminalizazioa; hirigintza-politika segregatzaileak; gure azentuari isekak eta erromani hizkuntza berreskuratzeko borondate instituzional eza… Emakume ijitooi arestian epaitzen gintuzten moral katolikoa urratzeagatik; gaur egun kontrakoagatik, emakume ahaldunduak ez izateagatik, feminismo zuriaren kanonen arabera.
Halaber, premiazkoa da arrazakeriaren adierazpen bigunak ere identifikatzea. «Nik ez dut kolorerik ikusten» bezalako esaldiak entzun behar ditugu eta, aldi berean, gure ezkontzei eta erritoei buruzko galderei erantzun, estralurtarrak bagina bezala. Gure auzoko eskoletan, ikasleen % 90 ijitoak diren arren, ez zaie erreferente erromanirik eskaintzen eta ez da Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatzeko beharrik ikusten. Horrelako lanketak egin ordez, aniztasun eta kulturartekotasun egitasmo orokorretan lausotzen dute gure presentzia. Arrazakeriaren aurkako guneetan ere aurkitu ditugu antigitanismoa izendatzeko erresistentziak.
Pascual Borja gure lehengusuak, Gasteizko Gao Lacho Drom ijito elkartekoak, gogorarazi digu payoa ez dela neutroa, hau da, integratzeko agindua etnozentrismo hutsa dela. Integratu baino gehiago, gure herria desintegratzea da asmoa. Pastora Filigrana gure lehengusinak dio El pueblo gitano contra el sistema-mundo bere liburuan ijitook gogaikarriak garela sistemarentzat, kapitalismoari planto egin diogulako, bereziki patroi batentzat lan egiteari, eta bizimodu komunitarioei eutsi diogulako.
Horrez gain, integrazioaren diskurtsoa erabat hipokrita da, zeren eta integratzeko agintzen digutenek ez baikaituzte onartzen. Hala adierazten du Ikuspegiren Neurtu barometroak: euskal jendarteak ez gaitu begi onez ikusten (5,8ko sinpatia-maila 1etik 10erako eskalan),baina ez dute gurekin inolako harremanik (% 70 inguruk ez du ijitorik ezagutzen)eta, gainera, inkestatutako pertsonen ia erdiak gure diskriminazio-egoeraren errua egozten digu. Hori gutxi balitz, heren batek uste du gure ohiturei uko egin behar diogula euskal gizartean “integratzeko”.
Baina ikerketa horrek datu positiboren bat ere dakar: % 91,1 bat dator bizikidetza hobetzeko ahalegin partekatua egin behar dugula ijitook eta gainerako pertsonek, eta % 69k uste du euskal gizarteak esfortzu handiagoa egin beharko lukeela helburu hori lortzeko.
Orduan, Apirilaren 8an, gure Herria epaitu beharrean (integratuta gauden ala ez, gure ohiturak egokiak diren ala ez, matxistagoak garen ala ez), zergatik ez duzu hausnartzen zer ekarpen egin dezakezu zokoratuta mantentzen gaituen antigitanismoa borrokatzeko? Zer egingo duzu txiste ijitofoboak entzuten dituzunean? Familia ijito bati etxebizitza alokatuko ez lioketen % 40 horren parte al zara (Ikuspegiren datu beste datu bat)? Otxarkoagan bizitzeko prest egongo zinateke? Eta, hala balitz, zure umeak auzoko eskoletan matrikulatuko zenituzke?
Bukatzeko, Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean gure ijito nortasuna ospatu nahi dugu, euskal identitate kulturalarekin nahastuta bizi duguna.Euskal herritarrok, gure aniztasunean, badugu integrazioaren diskurtsoa zalantzan jartzeko hamaika arrazoi: beharbada, zure amama euskaldunari debekatu egin zioten bere hizkuntza Frankismoan hitz egitea, zure aititari maketo edo koreano deitu zioten, edo agian “bigarren belaunaldiko etorkina”-ren etiketa jaso duzu.
Halaber, gogora dezagun Errege Katolikoak izan zirela ijitoon aurkako lehenengo pragmatika agindu zuteak, proiektu nazional-katoliko homogeneizatzailearen testuinguruan. Egun, Espainiako eskumak jarraipena eman dio ideologia supremazista horri, nahiz eta diskurtso ustez berdinzalea darabilten hautesle ijitoak erakartzeko.
Azken ohar bat: bost axola integrazio hitza inklusio bezalako beste eufemismo batzuekin ordezkatzea, logika mantentzen bada. Aitzitik, David Martinek beste hitz bat oparitu digu: errotzea. Izan ere, integratuta gauden ala ez epaia eta botere ariketa hutsa den bitartean, ebidentzia historikoa da Euskal Herrian orain dela sei mende errotu ginela.
*Oharra: David Martinek El Pueblo Gitano en Euskal Herria liburua aurkeztuko du datorren Apirilaren 21an, arratsaldeko 6.30etan, AMUGEko egoitzan (Bilboko Otxarkoaga auzoan).