AMUGEk Txiki Golé abesbatza jarri du martxan,
6 eta 11 urte bitarteko neska ijito bilbotarrek osatua. Parte- hartzaileak musika hezkuntzako saioetara joaten ari dira astero gure lokalean, Otxarkoaga auzoan. Prestakuntzak solfeoa, perkusioa eta pianoa, kantuko teknikak eta gorputz-adierazpena barne hartzen ditu. Ekimen honen abiapuntua Gure Golé emakume ijito feministen abesbatzarekin izandako esperientzia ona da. AMUGEk sortu zuen 2017an, aurreko Bilboko abesbatza feministen ekimenetan oinarrituta, hala nola La Koran, Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako proiektua da.
Gure Golék erakutsi du ijito feministen abesbatzak tresna indartsua direla ijitoen kontrako iruditeria arrazista eta sexista eraldatzeko, emakume erromaniak sumiso eta boteregabetzat aurkezten baititu. Estereotipo horrek emakume eta neska ijitoen oraina eta bizi-mugak baldintzatzen ditu. Testuinguru horretan, Txiki Goléko partaideak erreferente bihurtuko dira gure komunitatean zein euskal jendartean, beren ahots-kordak eta musika-tresnak dardarazten, ijito feministen harrotasuna eta errebeldia aldarrikatzeko.

Txiki Goléko prestakuntzaren gidariak ESAS, Emakume Sortzaile eta Artisten Sareko musika sektoreko profesionalak dira. Kultura arteko ikuspegi bat lantzen dugu, orkestrako, euskal musikako eta ijitoen musika-tradizioko elementuak uztartzen dituena. Errepertorioak nesken interesak ere kontuan hartzen ditu, Frozen filmaren soinu-banda bezalako abestiak gehituz.
Txiki Golék koruaren eta orkestraren arteko hibridazioa proposatzen du, pianoa edo kaxoia bezalako musika tresnak sartuz. Hala, proiektuak genero-mugak gainditzen ditu, hots, emakumeak dantzari eta gizonak musikari izan behar duten eskema. ESASen metodologiari esker, neskek beren ahots-teknika garatuko dituzte, gorputza perkusioaren bidez instrumentu gisa erabiliko dute, gaitasun psikomotorrak garatuko dituzte gorputz-adierazkortasuna hobetzeko, eta musika-egiturak ulertuko dituzte. Musika-prestakuntzak ikasketa arautuetarako eta garapen pertsonalerako onuragarriak diren beste zeharkako gaitasun batzuk ere errazten ditu, hala nola memoria, kontzentrazioa, diziplina edo erlaxazioa.
ESASen eta AMUGEren arteko lankidetza Bizkaiko Foru Aldundiaren Zirgari 2022 sarien edizio berean sarituak izateagatik sortu da. Genero desberdintasunen aurkako borroka partekatzen badugu ere, gure ibilbidea oso desberdina da: haiek, musika profesionalaren eta orkestren mundutik; guk, ijitoen komunitatetik eta auzotik.
Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako II. Euskal Planak adierazten du EAEko hiru ijito-familiatik bik zailtasunak dituztela beren oinarrizko beharrak betetzeko. Nabarmentzekoa da, gainera, Otxarkoaga batez besteko errenta baxuena duten hiru auzo bilbotarretako bat dela, eta horrek zuzenean eragiten duela biztanleen bizi-kalitatean eta ondasun eta zerbitzuetarako sarbidean. Eskola- eta hirigintza-segregazioaren ondoriozko hezkuntza-aukera txikiek eragina dute, halaber, eskolaz kanpoko jardueretarako sarbidean, hala nola musika-prestakuntzan.
Horrela, adierazpen artistikoa oro har, eta musikala bereziki, ijito-kulturaren ezaugarri oso nabarmenak izan diren arren, haur erromaniek familia-transmisioaren bidez eskuratzen dituzte, eta aukera gutxi dituzte espazio formaletara iristeko, hala nola kontserbatorioetara eta musika-eskoletara. Musika-prestakuntza jasotzeko beka-sistema bat badago ere, ijito-familiek zailtasun ekonomikoak dituzte lotutako gastuak beren gain hartzeko, hala nola musika-tresnak eta partitura-liburuak erosteko. Zailtasun ekonomikoaz haratago, ijito-familia gehienek urrun eta arrotz sumatzen dituzte musika-prestakuntzako espazioak. Gauzak horrela, Txiki Golé auzoko alternatiba irisgarri eta hurbila da, feminismoa, kulturartekotasuna eta arrazakeriaren aurkako jarrera barne hartzen dituena.
kontziliazioa errazten du, zaintza-denbora liberatuz lan, ikasketa edo aisialdiko beste jarduera batzuetan ari daitezen. AMUGEko arduraduna den Tamara Claveriaren hitzetan,
“Txiki Golé martxan jartzea jakintzak trukatzeko aukera paregabea izaten ari da. Ijito Herriaren ezagutza musikalak historikoak dira, baita intrintsekoak ere, eta horiek ESASeko hezitzaileekin partekatu ahal izatea luxua da bi aldeentzat “. Era berean, Claveriak nabarmendu du ekimen honek “antigitanismoa ezabatuko duen gizarte bat eraikitzen” lagunduko du, “aurreiritziak eta estereotipoak desmuntatuz eta ondasun sakratutzat daukagun musikaren inguruan aliantzak eginez”. Azkenik, “hezkuntza ez-formalaren, aisiaren eta jolasaren bidezko ikaskuntzaren garrantzia” azpimarratu du, “neska ijitoen eskubideak eta bizitzak erabat garatzeko funtsezko ardatzak diren heinean”.
Informazio gehiagorako: Tamara Clavería (662 343 608)