Arlo honetan hainbat egitasmo bultzatzen ditugu, zehazki emakumeen eta gizonen
arteko berdintasuna bultzatzeko, baita ijitoen eta ijitoak ez direnen arteko berdintasuna
bultzatzeko ere. Horretarako, gure kokapena beti da intersekzionala, begirada
ijitoarekin.

Zenbait prozesu ditugu abian, gehienak epe luzekoak. Hasteko, guretzat espazio oso bereziak dira, eta ibilbide luzekoak, ahalduntze-eskolak. Saio horiek astean behin egiten dira, emakume ijitoen talde finkoekin, eta era askotako ekintzak bultzatzen dira, prestakuntzak, hausnarketa-saioak, indarkeria matxista prebenitzeko saioak, eta ahalduntze indibiduala, kolektiboa zein politikoa bultzatzekoak. Espazio horretan, gure burua prestatu ez ezik, geuretzako tarte bat izatea bilatzen dugu, besteekin konpartitzeko, elkarrengandik ikasteko eta elkar zaintzeko. Gaur egun, AMUGEn emakume gazteen zein adineko emakumeen taldeekin aritzen gara bidelagun gisa.

Bestalde, emakume ijitoen koro feminista bat sortu dugu, emakume ijitoei buruzko estereotipoak deseraikitzeko eta berdintasuna bultzatzeko geure ahotsen bidez. Arte eszenikoak baliatuz, gurutzatzen gaituen genero-antigitanismoa salatu nahi dugu, eta geure moduan egiten dugu, ijito eta errebelde: flamenkoa eta euskara uztartuz, letra feminista ijitotuak baliatuz, etab.

Gure ustez, emakume feminista garen aldetik, ahal dugun guztia egin behar dugu indarkeria matxistak ezabatzeko. Alde horretatik, 2012az geroztik, TARTEKARI SAREAn parte hartzen du AMUGEk: sare horretan biltzen dira genero-indarkeria jasan duten emakumeei babes soziala ematen dieten agenteak; sentsibilizazioa, prebentzioa, identifikazioa, bideraketa eta bidelaguntza eskaintzen dute genero-indarkeriako egoeretan.

Bestalde, Emakunderekin elkarlanean, 2021ean diagnostiko bat egin genuen; helburua: ijito-ikuspegia duen prestakuntza bat diseinatzea genero-indarkeria jasan duten pertsonen arreta-sistemako langileentzat Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE). Diagnostikoak bi osagai nagusi ditu: batetik, EAEn bizi diren emakume ijitoek zer-nolako ikuspegia duten emakumeen aurkako indarkeriari buruz; bestetik, EAEn bizi diren emakume ijitoek zer-nolako ikuspegia duten indarkeria jasan duten pertsonentzako arreta-zerbitzu oinarrizkoen inguruan. Ordutik aurrera, prozesu bat abiatu da, eta, besteak beste, diagnostikoaren emaitzak eta prestakuntza helarazi zaizkie oinarrizko zerbitzu horietako langileei.

Alde horretatik, guretzat funtsezkoa da gizonekin ere jardutea; hori dela eta, 2015ean sentsibilizazio- eta prestakuntza-prozesu bat abiatu genuen gizon ijitoekin, maskulinitate ez-hegemonikoen harira. Urtez urte, hainbat gizon-talde astero bildu dira rol maskulino tradizionalak zalantzan jartzeko eta maskulinitate ez-hegemonikoko eredu alternatiboak proposatzeko.

Azkenik, oso argi daukagu zer garrantzitsua izan zen gure amen, amonen eta arbaso emakumezkoen borroka; horregatik, “Aztarnak” izeneko prozesu bat hasi dugu: beren bizi-ibilbidea dela-eta erreferentetzat hartzen ditugun euskal emakume ijito guztien aztarnak bildu nahian. Prozesu horren bitartez, gure memoria historikoa berreskuratu nahi dugu, baita ezagutzera eman ere; duela 600 urte baino gehiagotik euskal lurretan bizi diren emakume horien historia isilarazia agerira ekarri nahi dugu. Egitasmo horren markoan, hainbat eratako materialak lantzen ari gara, eta liburu bat ere argitaratu dugu: “ROMANI HADIN. Emakume ijitoen urratsen atzetik”.